Getty Images
BEGIRADA

Xiapu, turistentzat agertoki faltsuak sortzen dituen Txinako hiria

Ilunabarrean, artzain gazteak ikus daitezke animaliak zaintzen eta herritar zaharrak sare tradizionalak erabiliz karramarroak arrantzatzen edo lanbro artean bufalo bati tiraka. Baina ezer ez da erreala; garai bateko landa-eremuko une baten eszena antzeztua da, kopia bat, milaka turista erakartzen dituena. Ekialdeko Txinako itsasoko herri batean daude, Xiapun.

Chen Weizuo nekazari edadetua bufalo bati tiraka dabil zuhaitz bihurriz osatutako baso lanbrotsu batean zehar. Lastozko kapeladun emakume bat du aztean, lepoan duen makila batetik zintzilik pare bat ur balde daramatzana.

Irudi lasaia izan liteke, Txinako landa-herrixka bateko nekazari batzuen egunerokotasuna eta errutina islatzen dituena. Bai, hala da, landa-paisaia txinatarra da, zehazki Xiapukoa, Fujian probintziakoa, baina xehetasun batzuek zalantzan jartzen dute eszenaren naturaltasuna eta egiazkotasuna: drone baten burrunba eta ke-makina baten txistua entzuten dira, baita bisitari ikusezinen arteko solasaldia ere; batez ere, argazkilariak, telefono adimenduna eskuan.

Antzezle amateur bihurtutako Xiapuko biztanleak dira, herrira bisitariak erakartzeko eszena bukolikoak eskaintzen dituztenak. Aspalditik egiten dute, eta lortutako arrakasta hain izan da handia, ezen mundu mailako ospe birala erdietsi duten. Aktore lanetan dabiltzanean, 300 yuan kobratzen diete bisitariei argazkiak ateratzeagatik.

Beti dago gidari turistiko bat argibideak ematen dituena eta eszenaren inguruan zurrunbiloan dabiltzan argazkilariei aholkua ematen diena. Bera da postal bukolikoa beraientzat propio prestatu duena. Atrezzoa tentuz zaintzen dute eta, beharrezkoa bada, modeloak ere kontratatzen dituzte. Helburua da bisitariek argazki perfektua lor dezatela, sare sozialetara igotzeko. Horregatik, egun sare digitaletan fenomeno biral bihurtutako herri dekoratua da Xiapu.